XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta hitz horiek geratuko dira: Euskadiren alde ematen dut bizia.

Ezpainik mugitu gabe esaten ditu, barnerantz, bortizki, eta jendaurrean, Ako herri osoaren aurrean dioela sentitzen du.

Jendea ukabilak jasota, aberria ala hil oihuka.

Funtzionarioak laurak direla esan duenean, galiziarra hurbildu eta esku bat besagainean jarri dio altxatzea eragozteko bezala.

Horrela sentitu du berak.

Baina galiziarrak atsegina izan nahi du eta adierazi nahi dio oraindik ez dela ordua, aitortzeko garaiz dabilela.

Hori esaten dio, eta ea ez al duen ulertzen, hobe lukeela, badaezpada ere; ez duela deus galtzekorik, alegia.

Luzea da gaua.

Papera erakutsiz.

Idazten bukatzen duenean, beharbada.

Akaso orduan.

Ez du ezer gehiago idaztekorik, ordea, hitz guztiak zalantzazkoak egiten baitzaizkio.

Euskadi bera, ez daki Euzkadi ez ote den, adibidez.

Kartzelariak noski, noski, idatzi esaten dionean.

Ez zaio ondotik aldentzen, ordea, eta azkenean orria doblatu eta erditik ebakitzen du, eta gauza bera berriro, arreta handiz, bi zatiak tolestatu ondoren, eta horrela paper multzo lodia pilatu eta gehiago ezin erdibitu duen arte.

Hautsontzian lagatzen ditu paper zatiak eta sua ematen die gero.

Suari so, pentsatzen du ez dakiela ziur hitz haiek ote ziren ametsetan, herriko plazan, kioskoaren inguruan ukabila altxatuta ikusi ohi zituen Izerreko Txato, Solana, Errezil eta gainerakoei esan nahi lizkiekeen hitzak, ala bizitzan ez zuela suerte onik izan, besterik gabe.

Kapilauari hori esan omen zion: ez dut bizitzan suerte onik izan.

Izerreko Txato, Solana, Errezil edo gainerako edozein egon zitekeen, zergatik ez,(...)